Badator Durangoko Azokaren fantasia!

2023/12/04

Badator Durangoko Azokaren fantasia!

Egun bi baino ez dira falta 58. Durangoko Azokari ekiteko. Asteazkenean, 10:30ean irekiko dira Landako Guneko ateak, eta 12:00etan egingo da aurtengo edizioaren inaugurazio ekitaldia, Szenatokian (San Agustin kulturgunean). 

 

Durangoko Azoka unibertso berezi bat da, irudimenez eta emozioz josirikoa, eta bere fantasiaren baitan harrapatzen zaitu. Aurtengo egitarauan 265 ekitaldi jaso dira, zein baino zein interesgarriagoak. Aurkezpenean esan bezala, ekintza sorta anitza, aktuala eta gaztea izango da, eta lehen eguna ere horren erakusgarri izango da. Sarrerako ekitaldia eta gero, gunez gune denerik topatuko du kulturazaleak: Oihane Amantegi eta Bernardo Atxagaren aurkezpenak, Gure Zirkuaren dokumentala, nerabeei mugikorra emateko gidaren azalpena, haurrentzako ikuskizunak, Mikel Martinezen bakarrizketa... Egitarau osoa ikusgai, hemen.

 

Muntaketa, azken txanpan: 4 kilometroko zuntz optikoa Euskaltelen eskutik

Landako Gunea eta gainerako espazioak azokarako atontzen ari dira egunotan, muntaketa azken txanpan sartu delarik. Erakusmahaiak kokatu, seinaletika ezarri, argi eta soinu probak egin… lan guztiak martxa onean doaz. Behar teknikoen artean, esanguratsua da 4 kilometroko zuntz optikoa instalatu duela Euskaltelek. Zerbitzu horrek ahalbidetuta, kalitatezko konexioa bermatuko da zuzenekoen streaming emanaldietan eta standetako tramiteetan. Ez hori bakarrik, www.durangokoazoka.eus webgunean, orri bakoitzean 10.000 bisita jaso ahalko dira aldi berean, herritarrek egitaraua eta nobedadeak kontsultatu ditzaten. Beraz, zerbitzu garrantzitsua eskainiko da partaideentzat zein kulturazaleentzat. Euskaltelek 20 urte baino gehiago daramatza Durangoko Azokarekin lankidetzan, eta antolatzaile taldeak konpromiso hori eskertu nahi du.

 

Doako autobusa

Bestalde, Durangoko Azokaren antolakuntzak garraio publikoa erabiltzeko gomendioa helarazi gura die herrira etorriko diren kulturazaleei. Autoa erabiliko dutenek, doako autobus zerbitzu bat izango dute aukeran, Iurretako autopista irteerako aparkalekuetatik Landako ondoko Olleria kaleraino. Autobus zerbitzua abenduaren 6tik 9ra, lau egunetan eskainiko da, 10:00etatik 20:00etara arte, ordu erdiro.

Durangoko Azokaren ordutegia 10:30etik 20:00etarakoa izango da. Hala ere, azken egunean, abenduaren 10ean, 18:00etan itxiko da.