Durangoko Azoka kultura hartzeko eta emateko prestatzen ari da

2024/12/03

Durangoko Azoka kultura hartzeko eta emateko prestatzen ari da

Landakon eta gainerako guneetan makina bat behargin ari dira lanean: interneteko sarea instalatzen, horma eta leihoak dekoratzen, erakusmahaiak atontzen, soinu ekipoak probatzen... 

Erakusmahaien muntaketa duela astebete hasi zen Landakon, eta gaur heldu dira lehenengo partaideak produktuekin. Goiatz Pelaez antolakuntza taldeko kideak dio ondo doala muntaketa prozesua. "Planoetan eta paperean dagoen dena lurrera ekartzen hasi ginen duela egun batzuk, materiala ekartzen baita ere... Biharkoa [abenduak 4] izango da muntaketako egun intentsoena, goizetik gauera arte".

Gaur heldu diren argitaletxeetako bat Sua edizioak da. Argiñe Areitio arduradunaren arabera, ez zuten azken ordura arte itxaron nahi. "Guk nahiago genuen gaur etortzea, arazoren bat egongo balitz bihar irtenbide bat topatzeko". Nobedade piloa kolokatzeko puzzlea egiten dabilen artean, adierazi du gogotsu daudela azoka hasteko. "Durangoko Azoka zita galanta da, erakusleiho polita", adierazi du Areitiok.

Musika plazan, Balaunka disketxearen erakusmahaia atontzen ari da Eneko Ría, bere lankideekin batera. "Hauxe da gure bigarren urtea hemen. Iaz hiru stand izan genituen, eta aurten apur bat handituta bost izango ditugu. Gaur gehiena antolatuta eta kontrolpean utziko dugu, gure musika taldeei argazkiak bidali, eta bihar badaezpadako kontuak egingo ditugu soilik". Bederatzi nobedade musikal dakartzate azokara. "Iazkoa zoratzekoa izan zen, eta aurten ere ilusio handiarekin gatoz. Zeinen polita den euskal kultura hainbeste sustatzen dela ikustea", nabarmendu du Ríak.

Ostegunean, 10:30ean zabalduko ditu ateak Durangoko Azokak.