- Ruben Ramos diseinatzailea da 57. edizioko irudiaren egilea. Ilustratzaileak sorkuntzaren eta jaiaren eztanda irudikatu du kartelean, "big bang" baten moduan zabalduko den burrunba.
- Azokari hasiera emateko milaka ikasle batuko dira Ikasle Goizean; eta Azoka amaitzerakoan kulturaren plazak jarraipena izango du liburudendetan, "Zu non, han DA!" egitasmoari esker.
Durangoko Azokak ohiko formatua berreskuratuko du edizio honetan, azken bi urteetako egoera bereziaren ostean. Kulturaren plaza abenduaren 7tik 11ra antolatuko da "eztanDA!" lelopean, eta aurrez aurreko salmentaz gain, online dendari ere eutsiko dio. Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak azaldu duenez, Azokako 57. edizioan euskal kulturaren "eztanda" biziko dugu: "Sorkuntzaren eta jaiaren eztanda izango da; Durango osotik eta Euskal Herri osorako zabalduko den eztanda. Bost egunez iraungo duen eztanda".
"Eztanda" hori irudikatu du gaur Durangoko Azokak Landakogunean antolatutako prentsaurrekoan. Hutsik egon da pabilioia gaurko agerraldian, baina Landakok bere ohiko argazkia berreskuratuko du abenduaren 7tik 11ra: "Azokaren unibertso osoa bueltatuko da, aspaldiko lagunekin topatu eta besarkatzea, goizeko 10:30ean ikasleak Landakogunera korrika sartzea, zure sortzaile gustokoenaren sinadura lortzea, kuadrilarekin eguneko eta gaueko plana egitea…".
Mujikak eskertu nahi izan du azken bi urte zailetan Azokari babesa eman dioten sortzaile, kulturzale, eragile eta babesleei: "Egoera zaila izan arren Azokak bizirautea eta aurrera egitea lortu du. Aurten, zorionez, ospatzeko garaia iritsiko da!". Azken urte bietan ez bezala, Azokako lehenengo egunean milaka ikasle izango ditugu kulturaren plazan, Ikasle Goizari esker. Azokak hainbat jarduera antolatu ditu eurentzat: komikiak sortzeko tailerrak, literakzioa, antzerki sorkuntza, collage tailerra... Horrez gain, hirugarren urtez "PortaDA!" erronka antolatu da Lehen Hezkuntza eta DBH eta Batxilergoko ikasleentzat. Berrikuntza gisa, aurten hezitzaileentzat ere tailerrak antolatuko dira lehen aldiz: hezkuntzarako baliabide digital libreei buruzko saioa eta euskal kulturaren transmisioaz hitzaldia izango dira. Informazio gehiago www.durangokoazoka.eus webgunean topa daiteke.
Ikasle Goizaz gain, Azokak bost eguneko egitaraua prestatuko du kulturzaleentzat, gune ezberdinetan: Irudienea, Saguganbara, Ahotsenea, Kabi@, Talaia eta Szenatokia. Diziplina ezberdinetako sortzaileek euren proposamenak bidal ditzakete urriaren 15era arte, Azokako egitarauan parte hartu ahal izateko.
Landakogunean aurrez aurreko erakusmahaiak izango ditugun arren, aurten ere etxetik erosketak egiteko aukera egongo da, online denda martxan egongo delako webgunean abenduaren 7tik 10era (hau da, online dendak aurrez aurreko Azoka baino egun bat lehenago itxiko du). Azokan salgai egongo diren nobedade guztiak eskuratu ahal izango dira denda digitalean.
Behin Azoka amaituta, kulturaren plazak jarraipena izango du aurten ere "Zu non, han DA!" egitasmoaren bidez. Euskal Herriko hamaika liburudendatan Azokan eskuragarri egon diren nobedadeak erosteko aukera egongo da, hirugarren urtez (izen-ematea zabalik dago kasu honetan ere). Aurten, lehengo aldiz, liburu-aurkezpenak ere antolatuko dira liburudendetan.
Gaurko prentsaurrekoan Gerediagako presidente Nerea Mujikaz gain, Durangoko Azokari babesa ematen dioten hainbat erakundeetako ordezkariak egon dira: Andoni Iturbe (Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordea), Xabier Arauzo (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia), Ima Garrastatxu (Durangoko alkatea), Lexuri Ugarte (Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendaria), Hasier Morrás (Euskarabidea) eta BBK, Euskaltel eta Eroskiko ordezkariak, Durangoko Azokako guneetako arduradunekin batera.