Euskal kultura gertutik ezagutzeko aukera, Ikasle Goizeko tailerretan

2024/09/23

Euskal kultura gertutik ezagutzeko aukera, Ikasle Goizeko tailerretan

Ikasle zein irakasleek euskal kultura hobeto ezagutzeko eta esperimentatzeko aukera edukiko dute. LH3n hasi eta Batxilergora arteko mailetan daudenei eskainiko dira tailerrak, eta gehienez 20-25 pertsonako taldeetan eman ahalko da izena. Parte hartzeko interesa dutenek, urriaren 7a baino lehen egin beharko dute inskripzioa, webgune honetan bertan, hurrengo loturan: Ikasle Goizean izena eman


 

Izena ematerakoan, tailerra aukeratu beharko da. Gunez gune antolatu dituzte ekintzak:

  • Kabia: Tailer bi eskainiko dira. Bata, ordenagailu zaharretan Luberri sistema eragile libre eta euskalduna instalatzen ikasteko lantegia izango da. Bestea, digitalizazioa ikuspegi kritikoarekin lantzera bideratuta egongo da, eta ikasleak rol nahiz jakintza-jolasetan murgilduko dira. Leire Lisonek dinamizatuko du.
  • Museoa: Nestor Basterretxearen lanean oinarrietako bat izan den collage bat burutuko dute ikasleek.
  • Saguganbara: Txorien inguruko collage-ak sortuta, taldeka entziklopediak landuko dituzte
  • Szenatokia: Karrika antzerki taldeak gidaturik, inprobisazioaren teknikan murgilduko dira ikasleak.
  • Ahotsenea: Popperra, Afterra, Utopia izeneko emanaldia, Danele Sarriugarte idazlearen eta Miren Narbaiza musikariaren eskutik. Hitza eta soinua uztartzen dituen saio honen bidez, gazteek ezagunak egingo zaizkien egoeratan irudikatuko dute euren burua.
  • Talaia: Gaur egungo auzien inguruan taldean pentsatu eta partaideen gogoetak lelo bihurtzea da tailerraren helburua.
  • Irudienea: Tailer bi egongo dira. Batetik, bideoklipak sortzeko azalpen praktikoa; bestetik, euskaraz zer eta non ikus daitekeen azalduko dute Pantailak Euskaraz ekimeneko kideek.

Bestalde, irakasleentzat bereziki tailer bat prestatuko dute Ahotsenea Literatura gunean. BADOK euskal musikaren ataria ezagutu eta ikasleekin erabiltzeko jarraibideak jasoko dituzte.

PortaDA!

Azoka hasi aurretik, PortaDA erronka garatuko da ikastetxeetan, LH, DBH eta Batxilergoko ikasleentzat. Euskarazko liburu eta diskoen azalak birsortzea izango da ekimenaren funtsa, ume eta gazteen artean sorkuntza sustatzeko asmoz. Azaroaren 29a baino lehen bidali beharko dituzte irudiak, ikaslegoiza@durangokoazoka.eus helbide elektronikora. Maila bakoitzean lanik onena aurkezten duten ikastetxeek Musika eskoletan programako saio bat jasoko dute opari. Saridunak abenduaren 5eko Ikasle Goizean iragarriko dira.