“Euskal kulturgintzak ohiko hartzaile gehiago izango luke egiturazko espazioak ugarituta”

 

“Euskal kulturgintzak ohiko hartzaile gehiago izango luke egiturazko espazioak ugarituta”

Durangoko Azokarekin euskal kulturgintzak lekua hartu du espazio publikoan, eta kulturazaleek Azokaren deiari gogoz erantzun diote, euskal kultur sisteman duten garrantziaren jakitun.

59. Durangoko Azoka amaierara heldu da, lau eguneko jardunaldi bizi eta ederraren ostean. Euskal kulturaren erakusleiho handia izan da beste urte batez eta, hortik harago, sortzaileen eta kulturazaleen arteko hartuemanerako plaza ere izan da. Sorkuntza lanak aurrez-aurre azaldu dituzte ekitaldietan eta erakusmahaietan, eta jendearen babesa jasota, aurrera begira lanean jarraitzeko bultzada jaso dute sortzaileek.

Durangoko Azokak daukan zabalkundeari esker, euskal kulturgintzak lekua hartu du espazio publikoan, eta aterki horrek euskal kultura bizitzeko bidea ematen die zaleei, Azokan parte hartzea balio positiboekin lotzen dutelako. Kulturazaleei Durangoko Azokara etortzeko dei egin diegu, kultur sistema osasuntsu baterako ezinbesteko katebegia direla aitortuz, eta egunotan izan dugun bisitarien joan-etorriak erakutsi digu kulturazaleak ardura hori hartzeko prest daudela.

Horrek guztiak pentsatzera garamatza, kulturazaleek agertu duten nahia praktikara eramateko egiturazko espazioak ugarituko bagenitu, euskal kulturgintzak ohiko hartzaile gehiago izango lukeela urte osoan zehar. Erronka hori daukagu Durangoko Azoka aurrera ateratzen dugun kultur eragile, herri erakunde, komunikabide, sortzaile eta kulturazaleok.

Milaka ikasle batu zituen goizarekin hasi zen azoka. Euskal Herri osotik 100 bat autobusetan eta bestelako garraio bidez etorri ziren, eta bete egin zituzten azokaren esparruak zein herriko kaleak. Gero, bigarren egunean Gazte Eztandarekin izan zuen segida. Euskal kulturaren transmisioan eragitea da azokaren asmo nagusietako bat, eta horretan jarraitzeko erabakia hartuta daukagu.

Bestalde, guneetako aurkezpenak jendetsuak izan dira. Urteak dira esaten ari garela Azoka Landako Gunean hasten den arren, hori baino askoz gehiago dela, eta aurten berriz berretsi egin da. Guneetako egitarauaren irizpideak finkatu izanak euskal kulturgintza bere ertz guztiekin erakusteko bidea eman digu. Jarraian datu aipagarri batzuk:

Talaia: Bai Landako Guneko areto nagusian, bai Museoko hitzaldi aretoan, gogoetarako ale asko izan dira liburu aurkezpenetan, mahai-inguruetan edota egitasmoen berri emateko saioetan. Bereziki azpimarratzekoa izan da, euskal kulturgintzaren transmisioa hedabideetan nola gauzatzen den EHUko Behategiak egin duen ikerketaren emaitzak Durangoko Azokan aurkeztea eta proposamen zehatzak ere plazaratzea.

Ahotsenea: Literatura aurkezpenetan belaunaldi aniztasuna igarri da, gazteek, helduek eta nagusiek parte hartu baitute. Nabarmentzekoa da emakume asko egon direla aurkezten zein entzuten, lekua hartzen ari direnaren seinale. Literaturak aurten Landako kanpoan izan duen kokaleku berrian, zenbait aurkezpen hasi aurretik itxaronaldiak egin ditu jendeak. Musikaren gunean, Plateruenean, nabarmentzekoa da publikoaren zati handi bat taldeak deskubritzera joan dela, proposamen zehatzetatik harago. 

Irudienea: Ikusi, ikasi, hunkitu, emozionatu eta sentsibilizatu egin da ikuslea azokako zinemetan. Euskarazko lanei balioa ematea, transmisioa lantzea eta gozatzea lortu da hainbat lanen bitartez. Ibilbide luze baten ondoren lan berri bat aurkeztu duen sortzaileak asko izan dira, eta baita lehen aldiz sortutako lan bat proiektatzeko aukera izan duten gazteak ere. Emanaldi askotan aforoa bete egin da, adin ugaritako ikus-entzuleekin. Sortzaileek haiekin solasteko tartea izan dute emanaldi guztietan. 

Kabia: Eremu digitalaren gunean, aipagarriak dira adimen artifizialaren bueltan sorturiko gogoetak. Esaterako, adimen artifizial sortzaileak kulturan izan ditzakeen aukerez eta arriskuez jardun zuten solasaldi batean; jende ugari bertaratu zen, eta eztabaida interesgarria sortu zen publikoaren partaidetzarekin. Bestalde, Gamer Gelak askoren arreta piztu zuen, eta jolaserako tarte polita izan zen gazteentzat zein helduentzat.

Saguganbara: Ekitaldi gehienetan bete egin da haur eta gazteen gunea. Liburu aurkezpenak entzun ostean, umeak idazle eta ilustratzaileei liburuak sinatzeko eskatzen ibili dira. Ekitaldirik egon ez den momentuetan ere familiak eta taldeak etorri egin dira, liburu berriak kuxkuxeatzera eta irakurtzera. Horrez gainera, kanpoko karpan eginiko aurkezpenek harrera ona izan dute.

Szenatokia: Jende andana batu da emanaldi guztietan, eta sarritan ilarak sortu dira atean. Horregatik, aforoa handitu eta San Agustin kulturguneko koroa zabaldu da horretarako aukera egon denetan. Antzerki piezak, bakarrizketak eta dantza eskaini dituzte konpainiek, eta aipagarria da aurkezpenen ostean kontratazioa itxi duela gutxienez euretako batek. 


 

Bisitariei eskerrak

Segurtasuna zaintzeko helburuz Landakon eta azokako beste guneetan aforoa zaintzen da, eta herritarrek ilarak egin behar izan dituzte momentu askotan. Jakitun gara kulturazale askorentzat ez dela bisita erosoa izan, eta erakutsitako jarreragatik eskerrak eman behar ditugu. Hurrengo edizioetan irtenbideak aurkitzen saiatuko gara.