Gazteriaren eta kulturaren eztanda Durangoko Azokan

2023/12/08

Gazteriaren eta kulturaren eztanda Durangoko Azokan

58. Durangoko Azokaren hirugarren eguna arrakastatsua izan da, aurreko bien bidetik. Landako Gunea beteta egon da egun guztian zehar, eta zenbait unetan sarbidea mugatu behar izan du antolakuntzak, edukieraren protokoloa jarraituta. Kopurua jaitsi izan denean, berriro ere sartzen utzi zaie herritarrei. Giro bikaina egon da.

Gaur Gazte Eztanda ekimenaren bigarren edizioa ospatu da, eta gazteriaren presentzia igarri egin da han eta hemen. Gainera, bazkaria, bingo musikatua eta kontzertuak egon dira antolatuta, Euskarabentura egitasmoarekin elkarlanean. Guneetako egitarauan ere gazteei begirako ekintza ugari izan dira. Adibidez, Izaroren bideoklip estreinaldia, edo Ahotseneako hainbat aurkezpen.

Eukalyptus obraren aurrestreinaldia ere jaso du Durangoko Azokak. Iazko Sormen Bekaren irabazleak, Jon Ander Urresti antzezleak, Szenatokian taularatu du lana. Proiektuak izaera kolektiboa hartu du, hainbat sortzaile batu baitira Urrestiren taldera. Harrera ona izan du aurkezpenak.

Lan erdiak eginda, Durangoko Azokak asteburua du aurretik oraindik, eta jendetsua izatea espero da.