2024/12/05
Durangoko Azokaren sarrera ekitaldian Imanol Pradales Lehendakariak, Ainara Basurko Bizkaiko foru diputatuak eta Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak parte hartu dute, eta instituzioetako, babesleetako eta eragileetako beste hainbat ordezkari ere bertaratu dira. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak azokara etortzera gonbidatu ditu kulturazale guztiak.
Hartzea ematea DA, horixe da aurtengo leloa, eta Gerediagako presidenteak horri egin dio erreferentzia hitzaldian. "Euskal Herrian gaur egun bizi dugun sorkuntza loraldiari gogotsu erantzungo dioten zaleak behar ditugu. Eta horregatik, herritar guztiak gonbidatu gura ditugu Durangoko Azokara etortzera, Durangoko Azokan egotea, egitea delako aldi berean. Euskal kulturaren alde egitea, hain zuzen ere.", adierazi du Mujikak, herritarrei deia eginez.
Gainera, aurrera begira elkarlanerako mezua zabaldu du. "Euskararen eguna ospatu dugun aste honetan, euskalgintzako eragileek euskara larrialdi egoeratik indarraldia bideratzeko deia egin dute, eta Durangoko Azokak bere alea ipini nahi luke ahalegin horretan".
Bestalde, 30 urtez azokaren zuzendari izandako Jon Irazabal oroitu dute gaurko ekitaldian. Bere omenezko hitzak izan ditu Mujikak. "Zenbat ideia, zenbat gogo, zenbat izerdi, herriaren eta kulturaren alde. Eta berak utzitako ondarea, oparoa bezain harrigarria da. Aurten agurtu gaitu Jonek, eta, zelan ez, bere hutsunea igarriko dugu azokan". Irazabalen senideei oroigarri bat eskaini die, eta ostean Jonen arreba Itziarrek hartu du hitza. Bere nebaren akorduaz gainera, azaldu du bere ustez Irazabal harro egongo litzatekeela, gaur eguneko azoka ikusiz gero.
Amuriza, Peritz eta Lumiren ikuskizuna
Ekitaldian kultur izaera ere izan du, Miren Amuriza eta Aner Peritz bertsolariek eta Lumi musika taldeak emandako ikuskizunarekin. Durangoko Azokari buruzko solasaldiak, bertsoak eta nahasketa elektronikoak uztartu dituzte elkarrekin. Sortzaile horiek egin dute ekitaldirako sarrera, eta euren aldarriarekin izan du amaiera baita ere: "Hartzea ematea da, eta Durangoko Azoka eder baten esperoan geratzen gara".