2025/12/05
Euskara jendea gaitzat hartuta esku hartze artistiko bat egitea zen 2024ko Durangoko Azokaren Sormen Bekaren deialdiko zeregina. Irati Bazeta ilustratzaile abadiñarrak irabazi zuen, Harien isla izeneko proiektuarekin. Margogintzan oinarrituta dago bere lana; dozena bat pieza sortu eta gaur jarri dira ikusgai Durangoko Museoan (Atartea Gunea), 60. Durangoko Azokaren baitan. Inaugurazio ekitaldian Garazi Arrizabalaga museoko zuzendaria, Gotzon Gomez Gerediaga elkarteko presidentea eta Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea egon izan dira, Bazetarekin batera, erakusketa aurkezten. Erakusketa urtarrilaren 7ra arte egongo da ikusgai.
Bazetak azaldu duenez, margogintza umetatik landu izan duen zerbair da, eta bekaren deialdiaz jakitean aurkeztea erabaki zuen. Gaia dela-eta, euskarari buruz azken boladan hainbat hausnarketa konpartitu dituela aipatu du ilustratzaileak, eta ondorioz hainbat galdera sortu zaizkiola. “Nor da euskara jendea? Zer dakar euskara jendea izateak? Ba al dugu euskara jendea garenaren kontzientziarik? Euskaraz bizi edo euskarara heltzeko denok baliabide berak al ditugu? Zein egoeratan sentitu dugu hizkuntza estresa? Hainbat galderatan oinarri hartuta landutako proiektua da”, esplikatu du Bazetak. Beraz, proiektuaren bidez gogoeta horiek plazaratzea izan da bere helburua.
Haria, ehun baten albainu luze eta meharra, josteko erabiltzen dena
Harien Isla lanaren helburua intersekzionalitatea tresna analitiko kritikotzat hartuta euskara jendea osatzen duten askotariko errealitateak arakatzea da, hariak eta egiturak ikusaraztea, botere sistemez gogoeta eginez.
Ezagutza kokatuan oinarrituta dago lana, ezagutza bat testuinguru zehatz batean garatua eta erabilia da, leku, kultura, esperientzia edo komunitate jakin bati lotuta; kasu honetan, egilearenari. Ikuspuntua azaltzea ezinbestekoa da, neutraltasuna ez baita existitzen eta bakoitzak bere errealitatetik, baldintzetatik eta ideietatik ekiten dio sorkuntza lanari.
Sorkuntzaren bidez gogoeta bultzatu nahi du Harien Isla proiektuak. Horregatik, lanek, hitzek zein galderek ikuslea ispiluaren aurrean jarri nahi dute, erakusketa gogoetarako espazio bilakatu eta ikusleek haien hausnarketak partekatu ditzaten ibilbidean zehar. Errealitate konplexuak harilkatuz, begirada propioa aktibatzeko gonbita luzatu nahi du, elkarrizketa eta parte-hartzea erdigunean jarriz.
Aurtengo deialdiaren emaitza, abenduaren 8an
Bestalde, aurtengo Sormen Bekaren proiektu irabazlea abenduaren 8an emango da jakitera, 10:00etan Ahotsenea Literaturan (Musika eskolan) egingo den sari-emate ekitaldian. Komikigintzari lotutako deialdia izan da aurtengoa, kasu honetan.