2023/12/08
Ihintza Iriarte Apezetxea, Miren Bereziartua Lonbide eta Uxue Bereziartua Lonbideren Marramiau Sorkuntza Taldeak irabazi du 2023ko Sormen Beka, Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz izeneko animaziozko telesailaren proiektuarekin. Aurtengo deialdia, haurren eta familien ikuskizunei begirako sorkuntzan oinarritu da. Horregatik, Saguganbaran egin da sari-emateko agerraldia.
Epaimahaia hurrengoek osatu dute: Amaia Henneboute (antzezlea), Ana Revuelta (Artaziak hezkuntza artistikorako ekimena), Josu Bergara (sortzailea eta marketin aditua) eta Martxel Zubia (Berbaro elkarteko kidea eta Saguganbarako arduraduna). Epaimahaiaren ustez, euskarak eremu digitalean duen beharrari erantzuten dio egitasmoak, haurrei zuzendutako kalitatezko edukia plazaratuz. Proiektu transbertsala eta multidiziplinarra izatea nabarmendu du, eta eremu pedagogikoan ekarpena egin dezakeela ere bai. Epaimahaiak bereziki azpimarratu du hizkuntzaren eta balioen transmisioan izan dezakeen eragina.
Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak aurkeztu du ekitaldia, eta Sormen Bekaren balioa aipatu du. “Orain dela sei urte jarri genuen martxan Sormen Beka. Atopia, Kai Nakai, Bañolet, Barraka, Eukalyptus… literaturan, musikan, ikus-entzunezkoan, mundu digitalean eta arte eszenikoetan hasiberriak ziren sortzaileei lagundu diegu… hasierak gehienetan zailtasunez beteak izaten dira eta hor egon gara”. Durangoko Udala bidelagun izatea eskertu du Mujikak. Izan ere, udalak 12.000 euroko laguntza ematen du guztira 15.000 eurokoa den beka sortzeko. Saridunek urtebeteko epea izango dute proiektua gauzatzeko, eta 2024ko Durangoko Azokan aurkeztuko dute emaitza.
Mireia Elkoroiribe alkateak adierazi du sortzaile hasiberriei babesa ematea dela bekaren helburua. “Bost ediziotako ibilbidea oparoa izan da. Oso lan interesgarriak bultzatu ditugu guztiok elkarrekin. Euren sorkuntza prozesuetan laguntzeaz gain, sortzaile moduan hazi egin dira euretako gehienak, Sormen Beka DA! lehiaketari esker”, esan du alkateak.
Irabazleen ilusioa
Sortzaileek beka eman izana eskertu dute. “Lehenik eta behin, eskerrik asko Gerediaga eta Durangoko Azokari. Oso eskertuak gaude aukera hau eman digutelako, ez genuen espero. Gogotsu ginen haurrei zuzendutako animaziozko serie bat egiteko”, esan dute prentsaurrekoan. Marramiau taldekoen arabera, lehendik hasita zuten proiektua, hiruen interes artistikoak batzen dituelako: bikoizketa, irudia eta audioa. Gidoia idazteko fasean murgilduta daude orain, eta prozesua ilusioz bizi dutela azaldu dute.
* Proiektuaren sinopsia:
Argizagi animazio seriea bat da, 5-10 minutu inguruko 5-6 kapituluko iraupenekoa. Bertan, Izei lurtarraren abenturak ikusiko ditugu Ekai eta Nahi estralurtarrak ezagutzean. Hauek kontziente izan gabe urteak itxita egondako bi planeten artean bidaiatzea ahalbidetzen duen argi-zubi bat irekiko dute, galaxiaren ongizatea arriskuan jarriz.