2024/12/07
59. Durangoko Azokaren barruan, Néstor Basterretxeari esker ona agertzeko ekitaldia egin dute gaur, Gerediaga elkartearen ekimenez. Bertan izan dira artistaren familiako kideak ere, eta oroigarria jaso dute Nerea Mujika Gerediagako presidentearen eskutik. Gainera, instituzioetako hainbat ordezkari ere etorri dira. Ekitaldi honekin, Basterretxearen sorkuntza eta ekarpena aitortu nahi izan dituzte, artistaren jaiotzaren mendeurrena bete denean.
“Néstor Basterretxea artista handia eskertzeko batu gara, eta bere etxekoak ere eskertu behar ditut. Izan ere, aitaren sormen lanak eskura utzi dizkigute”, azaldu du Mujikak ekitaldian. Hain zuzen, Bermeoko sortzaileak diseinu eta ilustrazio arloan eginiko obraren lagin bat Durangoko Museoan dago ikusgai, Garazi Arrizabalaga museoko zuzendariak prestatu duen erakusketan. Lanetako asko sekula ikusi gabeak dira.
XX. mendeko euskal kulturaren erreferentzi nagusietako bat izan zen Basterretxea, eta Durangoko Azokarekin harremana izan zuen. Adibidez, 2012an, berak sortu zuen 47. ediziorako irudia. Gerediagak orduko hartan eskaria egin zionean, ikuspuntu sortzaile eta kritiko batetik diseinatu zuen afixa, eta prozesu hori azaltzeko Basterretxearen beraren bideo bat proiektatu dute ekitaldian.
Durangaldearekin lotura
Horrez gainera, Basterretxeak Durangaldearekin izan zuen lotura ere gogoratu du Gerediaga elkarteak. Besteak beste, Otxandioko bonbardaketaren biktimen omenezko ‘Heriotza zerutik etorri jakun’ eskultura eta Durangoko Tabira auzoan dagoen ‘Hirugarren hilarria’ artelana aipatu dituzte. Lotura horren inguruko informazio sakonagoarekin, erreportaje zabala eskaini diote aurtengo Astola urtekarian.