Sortzaileek Durangoko Azokako egitaraua osatzeko proposamenak egin ahalko dituzte gaurtik aurrera
Urriaren 5era bitartean aurkeztu ahal izango dira webguneko egitarauko proposamenak eta beste hiru izen-emate ere ireki dira: Zu Non Han DA! egitasmorako, DA! PRO topaketarako eta Ikasle Goizerako.
Abenduaren 4tik 8ra egingo da Durangoko Azokaren 61. edizioa, eta, urtero bezala, euskal kulturaren arloko sortzaileen ekarpenarekin osatuko da egitaraua. Horretarako, gaur bertan zabalduko da guneetako programazioan parte hartzeko proposamenak aurkezteko epea. Sortzaileek urriaren 5era arte izango dute euren proposamenak erregistratzeko aukera, durangokoazoka.eus webguneko izen-emateen atalean.
Gunez gune, hainbat diziplinatako artistek eta sortzaileek euren azken lanak eta proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte. 2026an euskaraz kaleratutako lanak edo euskal kulturarekin lotutako proposamenak aurkeztu ahal izango dira, gune bakoitzaren ezaugarrien eta programazio-ildoen arabera:
- Ahotsenean, liburuak eta diskoak aurkeztuko dira.
- Atartean, ilustratzaileen lanekin erakusketa antolatuko da. Artistek urteko nobedadeetan argitaratutako irudiak erakutsiko dituzte, eta bestelako irudien bidez euren lana ezagutzera emateko aukera izango dute.
- Berbagailuan, euskarazko bideo-podcastak eskainiko dira. Deialdia irekia da, eta bideo-podcasten sorkuntzan ari diren egileek, hedabideek zein plataformek eman ahalko dute izena.
- Irudienean, ikus-entzunezko lanak izango dira protagonista: film laburrak, dokumentalak, fikzioak, egitasmoen aurkezpenak eta bestelako proposamenak.
- Kabian, teknologia berriekin lotutako hitzaldiak, jokoak, tailerrak eta bestelako proposamenak aurkeztu ahal izango dira.
- Saguganbaran, haurrei zuzendutako literatura eta musika landuko dira, besteak beste, ikuskizun, kontaketa eta aurkezpen formatuen bidez.
- Szenatokian, dantza, antzerkia eta bakarrizketak izango dira ardatz, pieza laburretan.
- Talaian, literaturaz aparteko lan eta proposamenak hartuko dira, euskarazkoak zein Euskal Herriari zuzenean eragiten dioten gaien ingurukoak.
Azoka aurretik, sortzaileentzako beste plaza batzuk
Durangoko Azoka abenduaren 4an hasiko bada ere, aurretik ere sortzaileentzako hainbat plaza eta topaketa eskainiko dira. Horien artean dago DA! PRO, musikariei eta haurrentzako ikuskizunak taularatzen dituzten sortzaileei euren lanak programatzaileen aurrean aurkezteko aukera eskaintzen dien topaketa. Haurren ikuskizunei begirako jardunaldia azaroaren 24an izango da, eta musikari eskainitakoa azaroaren 26an. Izen-ematea urriaren 13ra arte egongo da zabalik.
Era berean, Zu Non, Han DA! egitasmoak ere azokaren aurretik hartuko du protagonismoa. Euskal Herriko liburu-dendetan egingo dira liburu aurkezpenak, eta sortzaileek zein liburu-dendariek parte hartzeko aukera izango dute. Urriaren 5era arte aurkeztu ahal izango dira eskaerak. Saltokietako arduradunek webguneko izen-emateen atalean egin behar dute eskaria; sortzaileek, ostera, Intraneta atalaren bidez.
Bestalde, Ikasle Goiza ere Durangoko Azokaren programazioaren parte izango da. Abenduaren 4an, ikastetxeetako ikasle eta irakasleek azokaz eta horretarako prestatutako jarduerez gozatzeko aukera izango dute. Kasu honetan, tailerretan izena emateko epea luzeagoa izango da, eta ikastetxeek urriaren 9ra arte izango dute eskariak egiteko aukera.
Bestalde, gogorarazi nahi da Durangoko Azokan erakusmahaia jartzeko izen-ematea irailaren 30era arte egongo dela zabalik.
Abenduaren 4tik 8ra, kulturaren jaialdiaz gozatzeko elkargune izango da Durangoko Azoka.