1965. urtean sortu eta Durangaldearen alde lan egiten duen elkartea da Gerediaga. Bera da Durangoko Azokaren antolatzaile nagusia eta antolaketa taldera batutako beste elkarte, erakunde eta taldeen koordinatzailea.
Gerediaga Elkarteak berak eta elkarteko kideen lanari esker, ekimen asko egin dira Durangaldean. Zeregin nagusia eskualdeko ondarea berreskuratzea, balioan jartzea eta zabaltzea da gaur egun “zaindu, ikertu, zabaldu” lelopean.
Eskualdeko ondareaz arduratuta, euskal kulturgintzak leku garrantzitsua izan du elkartearen ibilbidean. Era horretan, gaur egun Euskal Herriko kultur ekintza garrantzitsuena bihurtu den Durangoko Azoka antolatzeari ekin zion sorreratik.