22. Durangoko Azoka
1987an biniloaren eta kasetearen senide berri bat jaio zen, formatu berriari CDa deitu zioten. Urte berean Elkar disketxeak euskaraz grabatutako lehenengo bi disko konpaktuak aurkeztu zituen. Bata Benito Lertxundirena eta bestea Oskorrirena.
Azoka-egunetan bi batzar aipagarri egin ziren, bata Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordearena, eta bestea Euskal Idazleen Elkarteak eta Euskal Editoreen Elkarteak elkarren artean egindakoa.
Urte hartan Gerediaga Elkarteko ordezkari batzuk Frankfurtera joan ziren hango liburu-azoka ezagutzera. Alemaniakoaren eta Durangokoaren arteko desberdintasuna handia izan arren, kezkak eta esperientziak partekatzea aberasgarria izan omen zen, antzeko arazoak ere bazeuzkatelako.
1987an ere, Gerediaga elkarteko Jose Luis Lete Biritxinaga hil zen. Bere gaitasuna kontuan harturik, galera handia izan zen azokarako.
Ediziorako irudia Imanol Larrinaga margolariak sortu zuen.