47. Durangoko Azoka
Kultura gonbidatua Ijito herria izan zen 47. Durangoko Azokan. Hainbat ekitaldi antolatu ziren Kale Dor Kayiko elkartearekin lankidetzan: emakume ijitoaren eguna, mahai inguruak, hitzaldiak, erromintxela, musika zuzenean... Plateruenean Gau Ijitoa ikuskizunak interesa piztu zuen, esaterako.
Argizaiola Saria Benito Lertxundik jaso zuen, San Agustin kulturgunean eginiko ekitaldi hunkigarri batean. 60. hamarkadatik aurrera erreferente izan zen euskal musikaren sorkuntzan eta kulturgintzan, eta Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokarekin lotura estua izan zuen hasieratik; bigarren edizioan hasita, bertan egon zen aldiro.
253 erakusmahai ipini zituzten Landako Gunean, eta egitarauan 300 ekitalditik gora programatu zituzten.
Nestor Basterretxea artistak ondu zuen ediziorako kartela, beirate itxurako irudi batean “euskal sorkuntzaren argi guztiak batuz”.