53. Durangoko Azoka
Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak Sormen Bekaren deialdia argitaratu zuten lehenengoz, euskarazko sortzaile berrien lana hauspotzeko asmoz. Epaimahaiak Durangoko Azokaren barruan eman zuen ezagutzera erabakia: Etzi Portu Maritimoa kolektiboak irabazi zuen beka, Atopia RPG rol-jokoaren proiektuarekin. Egileek 15.000 euro jaso eta urtebeteko epea izan zuten lana aurkezteko.
Gunez gune kultur eskaintza aberatsa egon zen aukeran. Irudienean, esaterako, Paul Urkijoren Errementari filma proiektatu zen; baita Sarrionandiaren unibertsoari buruzko Gure oroitzapenak ikus-entzunezkoa, eta Gu, Laboa dokumentala ere, musikariaren heriotzetik 10 urte bete zirenean.
Landako Guneko azokan 17 autoekoizle egon ziren, eta zenbait musika talde euren kabuz hasi ziren erakusmahaiak jartzen, diskoetxetatik aparte.
DA Asko dira! lema erabili zen, eta iragartzeko kartela Txakur Gorria kolektiboak sortu zuen.