Subjektuaren zainak eta adarrak : ubjektua Mendebaldeko filosofia hegemonikoan. Modernitatetik globalizazio ostera
Apodaka Ostaikoetxea, Eduardo
Argitaletxea: Udako Euskal Unibertsitatea
Kokapena azokan: Barrenkale 016
26 €
Urtea: 2024
ISBN: 978-84-8438-897-5
Euskarria: Liburua
Deskripzioa
Subjektua omen da europar filosofia modernoaren mamia eta azala. Haren gainean eraiki dira doktrina politiko, moral edo epistemologiko modernoak, hitz batean, paradigma ontologiko oso bat, europar kontzientziak eta agentziak egituratu eta legitimatu dituena. Paradigma horren arabera, subjektua, bere baitan bat eta bera izanik, bera ez den beste guztia bere mendean hartzera jotzen duen nahimen libre eta kontzientea da. Hala agertu da, adibidez, Hegelen jaunaren eta esklaboaren arteko dialektikaz egin diren irakurketa enbaitetan. Jaunak eman behar zion esklaboari —bizitzari, naturari, munduari…— ordena arrazionala, autokontzientzia edota izatearen eta desiraren betetasuna. Filosofian teoria zena, inperio kolonialen, nazio-estatuen edota kapitalismoaren praktiketan gauzatu zen. Jaun europarrak esklaboa menderatu behar zuen, bizitza edota mundua menderatu behar zuen modu berean.
Ikuspegi horretatik aztertu dut Modernitatearen filosofia kanonikoetako subjektuaren bilakaera, bai sistema filosofikoetan, bai (erre)produkzio-harremanen historia materialean. Izan ere, subjektua, politikari dagokionez, askatasunaren, parekotasunaren eta elkartasunaren protagonista izan da, betiere figurazio material batekin: subjektua gizonezko jabea da. Alabaina, historia ez da lineala eta filosofia europar nagusiek ezin izan diote eutsi beren baitan hazi den ukazio sortzaileari. Hegelen edo Marxen obretan, esaterako, jaunaren eta esklaboaren arteko dialektikaren emaitza ez da soil-soilik jaunarekiko mendekotasun positibo edo aurkaritza negatiboa —biak ala biak, jaunarekikoak—. Dialektikak bestelako aterabide bat, dialektikoagoa, izan dezake: mendekoek badute, elkarri subjektibotasun komun eta singularra onetsiz, parekotasuna eta askatasuna eraikitzea. Badute, omen, jauntze-harremanetatik kanpo izan, sortu eta bizitzea. Europar hedakuntzaren historian ere, gizon jabearen edo subjektu burujabearen menderatze-desirari aurre egin diote (ez)subjektuek. Eta, askotan, objektu-esklabo izatera behartutako subjektibotasun horiek autonomia eta heteronomiaren dialektikaren zainetan, sentitze eta egite komun, singular eta transindibidualez, bestelako subjektibotasuna irudikatuz, praktikatuz edo, gutxienez, amestuz, subjektibotasun autonomoak ehundu dituzte.
Aukera horren peskizan, liburuak subjektuaren filosofiak aurkezten ditu Modernitatean zehar egindako bidaia batean. Karibeko kolonizaziotik oraingo ziberkapitalismora, gizon natural kolonial-humanistatik proposamen posthumanistetara, Gizonaren figuratik figurazio posthumanista kritiko eta feministetara.