Ahotseneako eszenatokia bor-bor izango dugu Durangoko Azokako 57. edizioan. Sortzaileen topalekuak 15 urte beteko ditu aurten, eta ospakizun berezi honetarako bost eguneko musika-maratoia antolatu dute. Guztira 47 musika-banda igoko dira Ahotseneako oholtzara euren azken lana aurkeztera, goizeko 11:00etatik 22:00ak arte, etenaldirik gabe.
Azken urteetan bezalaxe, zuzenekoak Plateruenan antolatuko dira, eta kulturzaleek Euskal Herrian sortutako azken musika-nobedadeak ezagutu ahalko dituzte. Sarrera doakoa izango da aforoa bete arte, eta ez da beharrezkoa izango izena ematea aldez aurretik.
Urtero bezala, aniztasuna izango da nagusi Ahotseneako egitarauan. Goxua N'Salsa, Neomak, Agur, Janus Lester, Keia, Irtera edota Mirua talde hasiberriek eszenatokia partekatuko dute Delirium Tremens, Willis Drummond edota Kokein bezalako ibilbide luzeko bandekin.
Musika-estilo ugari tartekatuko badira ere, zalantzarik gabe rock eta pop doinuak izango dira nagusi. Horren adibide dira Maraca Diablo, Zakill, Sua, Piztiak, Hibai, Kurkuma, Saia Goait, Ezpalak, Pasadena, Assata, Asla, Kyxo, Rukula, Rodeo, Dukkha, Fufu, Mice, Txost!, Orbel, Burutik, Kristonak edota Mairu taldeak. Baina ez da musika-estilo bakarra izango. Adibidez, pop elektronikoa presente egongo da Merina Gris eta Lumi taldeekin; Bengok eta Odeik hip-hopa ekarriko digute Ahotseneara; Bolbora eta Sutan taldeek ska-reggaea landuko dute; Mugan taldearen folk doinuak; jazza eta soula Arima Soul bandaren eskutik...
Urtero bezala, bakarlariak ere ez ditugu faltan izango Azokan. Euren lan berriak aurkeztuko dituzte Ahotsenean Olaia Inziarte, Ilargi, Peru Galbete, Esti Markez eta Watson bakarlariek. Ines Osinaga musikariak ere bere proiektu berria aurkeztuko digu eta Bilaka kolektiboak dantza eta musika uztartuko ditu emanaldi oso bereziarekin. Kontzertu hauek guztiak zuzenean jarraitu ahal izango dira streaming bidez www.durangokoazoka.eus webgunean.
Musikaz gain, Durangoko Azokak kultur diziplina askotariko egitaraua lantzen ari da, Azokako gainontzeko guneetan (Szenatokia, Irudienea, Kabi@, Talaia eta Saguganbara). Ahotsenea Solasaldietan ere hainbat sortzailek euren lanak aurkeztuko dituzte (literatur lanak, komikiak, poesia liburuak...) berbaldi formatuan. Egitarau osoa azaro amaieran iragarriko da.