Ane Pikazak Azokako taupada koloretsuak islatu ditu 55. edizioko kartelean

2020/10/08

Ane Pikazak Azokako taupada koloretsuak islatu ditu 55. edizioko kartelean

Ilustratzaile eta aktore bilbotarra da aurtengo kartelaren egilea: "Kultura mugimenduan dagoen zerbait dela azaleratu nahi nuen, egoera latzenetan ere kolore biziz loratzen dena".

Durangoko Azokako taupada ez da geldituko 55. edizioan, eta horren islada da aurtengo kulturaren plazaren irudia. Kartelaren egilea Ane Pikaza ilustratzaile eta aktorea da (Bilbo, 1984), eta bertan kolorez jositako bihotz bat irudikatu du paisaia grisaren gainean, “TaupaDA!” leloa jarraituz: “Kultura mugimenduan dagoen zerbait dela azaleratu nahi nuen, egoera latzenetan ere kolore biziz loratzen dena”.

 

Aitortu duenez, “inpresio handia” eragin zion Durangoko Azokako kartela egiteko eskaerak. “Urtero-urtero hurbildu izan naiz azokara ikusle, entzule eta irakurle moduan. Aurten, ordea,  handiagoa da erantzukizuna; Durangoko Azokak nigan sortzen duen emozioaren zati txiki bat zuei guztioi helarazten saiatu naiz”.

 

Kartelean Durangoko Azoka osatzen duten diziplina guztiak agertzen dira: literatura, musika, dantza, ikus-entzunezkoak… “Bizitzen ari garen egoera grisean kultura gure bizitza loratzen duen taupada izateaz gain, etengabeko eraikuntzan eta sorkuntzan dagoen bihotza garela ere irudikatu nahi izan dut. Eraikuntza horretan guztion partaidetza da ezinbestekoa; arlo guztietako sortzaile, teknikari, eragile zein publikoarena berarena. Denon artean elikatzen dugu taupada amaigabe hori”.

 

Ane Pikazak hainbat ilustrazio lan egin ditu azken urteetan: antzezlanetako kartelak (Kabia taldeko "Alicia después de Alicia" edo Marie de Jongh taldearen "Estrella"), Vetusta Morla taldearen "Los ríos de Alice" diskoaren azala, Zinegoak jaialdiaren 2018. urteko edizioaren kartela eta abar. Aktore modura hainbat film eta antzezlanetan ere parte hartu du. Donostia Zinemaldian "Nora" bere azken lana aurkeztu berri du, eta filmaren hainbat ilustrazioren egilea ere bada.