2025/11/04
DA! PRO topaketaren zazpigarren edizioa helduko da azaroaren 25ean eta 26an, Durangoko Azokaren atarian. Musika eta familia ikuskizunak eskaintzen dituzten sektoreko sortzaileen, profesionalen eta programatzaileen arteko elkargunea izango da. Bertan, aurrez aurre ezagutzeko aukera izango dute, etorkizunerako lankidetza aukerak bultzatzeko asmoz. Antolatzaileek topaketan parte hartuko duten sortzaileen hautaketa egin berri dute. Hamazortzi izango dira guztira: zortzi familia-ikuskizun eta hamar musika proiektu. Orain azaroaren 21era arte programatzaileek izango dute izena emateko aukera, durangokoazoka.eus atariko izen-emateen atalean. Deialdi hori zabaldu dute gaur Bilboko BBK Salan eginiko prentsaurrekoan. BBK Fundazioa da ekimenaren babesle nagusia, eta Gerediaga Elkarteak, Musika Bulegoak, Berbaro elkarteak eta Bizenta Mogel bibliotekak ere lagunduko dute.
Topaketa honetan, euskaraz jarduten duten sortzaileek euren proposamenak aurkezteko aukera izango dute. Eta aurrean, haien azalpenak ikusten eta aztertzen, ekitaldiak programatu behar izaten dituzten kultur zein euskara teknikariak, liburutegietako dinamizatzaileak eta jai antolatzaileak egongo dira. Zuzeneko hartueman horren bidez helburu bi lortu gura ditu topaketak: kulturgileen lana Euskal Herrian zehar hedatzea eta kultur programazioa euskarazko ekitaldiekin hornitzea.
Izan ere, “Durangoko Azokak bere burua Kulturaren Jaialdi gisa aldarrikatzen duen heinean, ezinbestekotzat jotzen du bere jarduna Azokako egunetatik harago hedatzea eta, batez ere, Azoka bera tokian tokiko kultur garapenerako baliagarria izatea”, adierazi du Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kide eta Durangoko Azokako Koordinatzaileak. Hala, “DA! PRO kultura gizarteari bueltan emateko eta euskara indartzeko bide bat ere izan daiteke. Hain zuzen, kultura herritarrengana ailegatzeko lan garrantzitsua egiten dute porgramatzaile eta teknikariek eta, horregatik, gaurko deialdi hau haiei zuzenduta dago”, argudiatu du. Modu horretan, 21era bitartean, DA! PRO topaketan izena emateko aukera izango dute.
Jasotako proposamenak katalogo bitan txertatu eta programatzaileen esku utziko dira. Musikaren inguruko topaketa Musika Bulegoak antolatuko du, eta familia ikuskizunen arlokoa Berbaro elkarteak.
Familia ikuskizunak
Familia ikuskizunen DA! PRO azaroaren 25ean egingo da, goizeko 9:00etatik aurrera, Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan. “Bertara hurbiltzen diren programatzaileek sortzaileak eta euren proposamenak gertutik ezagutzeko aukera izateaz gain, galderak egiteko tartea eta katalogoa jasotzeko aukera izango dute”, azaldu du Itxasne Arabiourrutia Berbaro elkarteko kideak.
Aurten, zortzi proposamen artistiko aurkeztuko dira, eta gehienak adin tarte guztietara irekita daude. Dantza, antzerkia, musika, bertsoak eta bestelakoak. Orokorrean formatu anitzak uztartzen dituzte, eta ikuskizun hauek liburutegi, kultura areto eta jaietarako moldagarriak dira. Honako hauek dira zortzi proposamen horiek:
Musika proiektuak
Hurrengo egunean musika proiektuen txanda izango da, Plateruena aretoan. “DA PRO MUSIKA, sortzaile eta programatzaileen arteko topagune gisa, ezinbesteko tresna bihurtu da gure musika sektorearentzat. Gerediaga Elkartearekin dugun lankidetzak aukera ematen digu Durangoko Azoka erreferentziazko plataforma izaten jarraitzeko, baita musika berriei ikusgarritasuna emateko ere”, azpimarratu du Maddi Arana Musika Bulegoko kudeatzaileak.
Adierazi duenez hainbat proposamen jaso dituzte aurtengo edizioan parte hartzeko, eta horietatik hamar aukeratu dituzte antolatzaileek: Sueder, Sara Zozaya, Gartxot, Jonkass, Hondora, Ilargi, Maialen Ibarra, Uxue Kerejeta, Euskal Barrok Ensemble eta Maider.
“Aurten jaso ditugun proposamenek erakusten dute gure musikaren aniztasuna eta osasuna: proiektuen %74 euskaraz dira, %53 emakumeek gidatzen dituzte, eta %68 gazteenak dira. Datu horiek erakusten dute belaunaldi berriak eta emakumeak gero eta presentzia handiagoa dutela gure musikaren etorkizunean”, mahaigaineratu du Aranak. Aurtengo nobedade gisa, hautaketa lehen aldiz kanpoko epaimahai batek egin duela jakainarazi du. “Horrek gardentasuna eta profesionaltasuna sendotzen ditu, eta emaitza hor dago: kalitate handiko hamar proposamen, estilo eta ikuspegi askotarikoak, baina guztiek emozioa eta originaltasuna partekatzen dituzte”, erantsi du.
Amorebieta-Etxanon kontzertua
2026an MusikaGaz Fest jaialdiaren laugarren edizioa antolatuko du Amorebieta-Etxanoko Udalak, eta eguneko egitaraua DA! PRO topaketako proposamenekin osatuko du. Beraz, hilaren 26ko aurkezpenean parte hartuko duten musikariek hautaketa horretan egoteko aukera edukiko dute.