Ipar Euskal Herrian sorturiko 50 kultur nobedade, Durangoko Azokarako prest

2024/11/22

Ipar Euskal Herrian sorturiko 50 kultur nobedade, Durangoko Azokarako prest

Durangoko Azokak eta Euskararen Kultur Erakundeak 18 urte daramatzate lankidetzan, azokan Ipar Euskal Herriko sorkuntza lanen partaidetza sustatzeko. Aurten, uzta kulturalak 50 nobedade dakartza Durangoko Azokara: 32 liburu, 15 disko eta bestelako hiru produktu ere bai. Gainera, 13 sortzailek egitarauko aurkezpenetan parte hartuko dute. Baionan egindako prentsaurrekoan artista eta argitaletxeetako kideak ere egon dira, uzta horren berri ematen.

Euskararen Kultur Erakundeko Marion Lastirik azaldu du haien bitartekaritzari esker Ipar Euskal Herriko kultur elkarteek eta argitaletxeek laguntza jasotzen dutela, euren produktuak azokara eraman ahal izateko, eta horrela, sorkuntza horren presentzia bermatzen dutela. Nobedadeen katalogoa osatu dute, eta EKEren webgunean egongo da arakatzeko moduan.

Gaur aurkezturiko uzta, azoka oparo eta aberats baten barruan kokatuko da. Gerediaga elkarteko Izaskun Ellakuriagak gogoratu du aurten kulturazaleengan jarri dutela begirada. "Arduratuta gaude, ez dagoelako hartzaile nahikorik Euskal Herrian daukagun sorkuntza aberatsarentzat. Horregatik, kulturazaleak aktibatzeko ahalegina egingo du Durangoko Azokak. Izan ere, hartzen baduzu gero bueltan eman egiten duzu; kultur sistema bizirauteko arnasa ematen duzu. Hartzea ematea da", esan du aurtengo leloari erreferentzia eginez.