Leire Urbeltzen "desipuindegia", aurtengo Azokako kartela

2021/10/06

Leire Urbeltzen "desipuindegia", aurtengo Azokako kartela

Durangoko Azokak aurtengo edizioko kartela aurkeztu du gaur Landakogunean antolatutako prentsaurrekoan. Egilea Leire Urbeltz (Iruñea, 1985) sortzailea da, eta aitortu duenez, "ohore handia" izan da berarentzat kulturaren plazako irudia egitea: "Ilusio handia egiten dit, baina ardura handia sentitzen dut ere, Azokak duen garrantziagatik".

Sortzaile iruindarrak "Desipuindegia" izeneko lana sortu du Azokako 56. edizioarentzat. Kartel koloretsu honetan, Urbeltzek Azokako lehenengo edizioak izan ditu gogoan, baina gaur egunera ekarrita, “erronkaz beterik datorren pandemiaren osteko azoka berrasmatuz”. Irudi moderno eta gaurkotuarekin, kartelean kulturaren plaza osatzen duten elementu ezberdinak topa daitezke (biniloak, liburuak…), “Kili Kuir” izeneko pertsonaiekin batera eta Anbotoko magalean. Egileak 60. hamarkadako iruditegiaren berrikuspena egin nahi izan du, Durangoko Azokako lehenengo edizioena, alegia, "revivalismo" ariketa eginez.

Urbeltzek Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederren lizentziatura eta Ikerketa eta Sormena Artean Masterra ikasi zituen, eta ondoren Bartzelonan eta Madrilen eman zien jarraipena ikasketei. Bere lanak Seul, Juarez, Pekin eta Estatu Batuetan egon dira ikusgai, eta Huarteko Arte Garaikideko Zentroan lanean ibili da zazpi urtez. Egun, sormen lana uztartzen du bitartekaritza eta hezkuntza lanekin Nafarroako Unibertsitate Publikoan.