Online denda eta zuzeneko egitaraua egongo da 55. Durangoko Azokan

2020/10/08

Online denda eta zuzeneko egitaraua egongo da 55. Durangoko Azokan

Kulturaren plazaren 55. edizioa ez-ohikoa izango da. Ez da egongo erakusmahairik Landakon eta produktu guztiak denda birtualean erosi ahal izango dira. 

Durangoko Azokako egitaraua streaming bidez eta bertatik bertara jarraitu ahal izango da, aforo mugatuarekin. Espazio bi egongo da: Landako Gunea eta Plateruena.

Ez-ohikoa izango da aurtengo Durangoko Azoka. Edizio honetako nobedade nagusiak aurkeztu ditu gaur Azokako antolakuntzak, kulturaren plaza osatzen duten erakunde eta eragileen ordezkaritza zabalarekin egindako prentsaurrekoan, Plateruena Kafe Antzokian. Bertan azaldu den bezala, berritasun ugari izango ditu kulturaren plazak, osasun-egoerak baldintzatuta. 

 

Aldaketa nagusia erakusmahaiekin lotuta egongo da: aurten ez da stand-ik egongo Landako Gunean. Horren ordez, Durangoko Azokako webgune honetan denda birtuala sortuko da estreinakoz eta azokazaleek bertan erosi ahal izango dituzte produktu guztiak, abenduaren 4tik 8ra arte. Landakon egon ohi diren liburu, disko, ikus-entzunezko eta gainontzeko sormen-lanak eskuragarri egongo dira Azokako web orrian: klik egin eta aukeratutako DA! produktu-sorta jasoko du kulturzaleak bere etxean. Honakoa izango da Azokako salerosketa gune bakarra aurtengo edizioan.

 

Egitarauak ere, bere aldetik, aldaketa nabarmena izango du. Azokak espazio bi izango ditu bost egun horietan (Landako Gunea eta Plateruena) eta bertan diziplina ezberdinetako ikuskizun eta ekitaldiak egongo dira: kontzertuak, solasaldiak, proiekzioak... Aforoa mugatua izango da eta aldez aurretik erreserba egin beharko da. Azaroan jakinaraziko da zein den Azokako egitaraua eta orduan irekiko da sarrerak eskuratzeko epea publikoarentzat, doan.

 

Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak azpimarratu duenez, “guztiontzako segurua den Azoka” antolatzea izan da helburua, eta horregatik erabaki da azkenean denda bere osotasunean birtuala izatea eta kultur egitaraua presentziala mantentzea, aforo mugatuarekin. “Hamaika egoera posible aurreikusi eta baloratu ditugu. Agian aukerarik errazena zen aurtengo edizioa bertan behera uztea. Baina uste dugu kulturak inoiz baino gehiago behar duela Azoka; sortzaileek behar dutela plaza; argitaletxe eta diskoetxeek erakusleihoa; eta jendeak zuzenekoak bizitzea eta nobedadeez gozatzea”.

 

Mujikak gogoratu duenez, Azokako salmentak argitaletxe eta diskoetxeen fakturazioan pisu handia du (Siadecok egindako ikerketaren arabera, %22koa da batez beste), eta, beraz, “inoiz baino garrantzitsuagoa da plaza hau eskaintzea”.

 

“TaupaDA!” lelopean, Azoka abenduaren 4tik 8ra arte antolatuko da, hots, hasieran aurreikusitakoa baino egun bat gehiago izango du. Horren arrazoi nagusia Ikasle Goizaren aldeko apustua da: presentzialki egingo ez bada ere, ikasleek birtualki hainbat jarduerez gozatzeko aukera izango dute abenduaren 4ko goizean. 

 

Nerea Mujikak nabarmendu duenez, Durangoko Azokak erronka handia du aurrez aurre: “Azokak erakutsi du bere 55 urteko ibilbidean garai berrietara egokitzeko gaitasuna, eta aurtengoan ere hala egin beharko du, bere identitatea galdu gabe. Presentzialki ezinezkoa izango den arren, plaza digitala eskainiko dio euskal kulturari”.

 

Azokako antolakuntzarentzat, ezinbestekoa izango da denon indarra eta konpromisoa Azoka arraskatatsua antolatzeko: erakundeak, herri-mugimendua, sortzaileak, banatzaileak… eta baita kulturzaleena ere: “Dei egiten diegu kulturzaleei Azokaz beste modu batera gozatzeko: online denda kuxkuxeatzeko, streaming bidez ekitaldiak jarraitzeko, klik egin eta gustoko liburu edo diska eskuratzeko... 2020ko Durangoko Azoka izan dadila arnasa kultur sektorearentzat. Entzun daitezela ozen, Durangon, Euskal Herriko etxeetan eta munduan guztion bihotzetako taupaDAk!”.

 

Durangoko Azoka berrasmatzeko erabakia partekatua izan da Azoka osatzen duten eragile, babesle eta parte-hartzaileekin. Horren islada izan da gaurko prentsaurrekoan parte hartu duen ordezkaritza zabalak. Gerediagako presidente Nerea Mujikarekin batera, bertan egon dira Andoni Iturbe (Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea), Lorea Bilbao (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua), Ima Garrastatxu (Durangoko alkatea), Mari Jose Telleria (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria), Lexuri Ugarte (Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendaria) eta Mikel Arregi (Nafarroako Euskarabideako zuzendari kudeatzailea).

 

EEE Euskal Editoreen Elkarteko Jose Mari Sors eta Musika Industria Elkarteko Aitor Bengoetxea ere prentsaurrekoan egon dira, Azokako guneetako ordezkariekin batera. Horrez gain, Azokako babesle pribatuetako ordezkari nagusiek ere (BBK, Euskaltel, Eroski) parte hartu dute.