Durangoko Azokak aurtengo ildo nagusiak eta irudia aurkeztu du gaur, Landakogunean egindako prentsaurrekoan. Bertan izan dira Azokako unibertsoan parte hartzen duten eragileak: erakundeetako ordezkariak, Azokako guneetako arduradunak eta Gerediaga elkarteko kideak.
Ildo nagusiekin batera, edizio honetako kartela ere aurkeztu da, Ruben Ramos egilearen eskutik.
Ruben Ramos diseinatzaileak sortu du 57. Durangoko Azokako kartela, eta, azaldu duenez, bere ilustrazioak "unibertsoaren eta Big Bangaren hedapenera eramaten gaitu. Inklusibitatearen baitan, pertsona ezberdinen (ez emakume, ez gizon) ideiak, ilusioak eta norberaren imajinazio koloreduna irudikatu dut. Kulturak berak, bai literatura, bai musika, beste leku batera eramaten gaituenaren isla da".
Ramosek azaldu duenez, gazteak izango ditu jomugan kartel garaikide honen sorkuntzan: "Kolore paletak eta ikonografiak sintetizadore retroetatik edaten dute, eskuz landutako tipografia psikodelikoarekin". Kartelagaz batera, egileak ikono berri bat sortu du aurtengo ediziorako, "DA!" irudi korporatiboagaz batera zabalduko dena. "Izar moduko ikono bat da, eztanda irudikatzen duena".
Ruben Ramos ibilbide luzeko diseinatzaile eta sortzailea da. Azken urteetan hainbat agentzia, negozio txiki, konpainia handientzat eta erakunde publikoentzat lan egin du (Zinemaldia SSIFF, Heineken Jazzaldia, Etxepare Euskal Institutua, Dbus, Loreak Mendian, eta abar) eta aurten Aise Studioa sortu berri du. Horrez gain, musikaria ere bada, eta azken urteetan hainbat diziplina artistikotan parte hartu du.