Zabaldu dira Durangoko Azokaren ateak, euskal kulturaren fantasiari ekiteko!

2023/12/06

Zabaldu dira Durangoko Azokaren ateak,  euskal kulturaren fantasiari ekiteko!

Euskal kulturaren fantasiari ekiteko gogotsu etorri dira partaideak, sortzaileak eta herritarrak. Azokaren gainerako guneetan ere jendetza pilatu da, ekintzak zuzenean ikusi edota horietan parte hartzeko. Lehen egun jendetsu eta arrakastatsua izan da, beraz. Inaugurazio ekitaldian, Nerea Mujikak ondoetorria eman die babesle, laguntzaile, partaide eta zale guztiei.

12:00etan 58. Durangoko Azokaren inaugurazio ekitaldia hartu du Szenatokiak. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta gobernuaren bozeramaileak, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, eta Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak hitza hartu dute, eta ostean Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak egin du irekiera ofizialeko irakurketa. “Hunkigarria izaten da Durangoko Azokari hasiera emateko une hauxe, eta aurten ere horrelaxe da. Ilusioz beterik gatoz. Izan ere, bost egun eder ditugu aurretik, fantasiaz beteriko bost egun. Berriro ere kulturaren topagune bihurtuko da Durango, eta egitarau oparoa daukagu: literatura solasaldiak, kontzertuak, zinea, arte eszenikoak, erakusketak, tailerrak, ipuin kontaketak, mahainguruak…”, azaldu du Mujikak, egitarauko 265 ekintzei balioa emanez. Gainera, gazteak erakartzeko ahalegina nabarmendu du. “Azoka gaztea, bizia eta freskoa izango da aurtengoa. Eta ikaragarri pozten gaitu horrek. Gazte ugari izango ditugu erakusmahaietan lan berriak erakusten, baita aurkezpenetan edo zuzenekoetan parte hartzen ere. Eta gazte piloa espero dugu bestaldean ere, zaleen artean, egitarauko ekintza asko haientzat prestatu ditugulako. Gazteok, zuena ere bada Durangoko Azoka, eta gurekin nahi zaituztegu!”, egin die dei Mujikak.

Andra Mariko eta Merkatu Plazako edizioen xarmatik, Landako Guneko epelera igaro zen azoka. Hain zuzen, duela hogei urte izan zen jauzi hori, eta gogoan hartu du Gerediagako presidenteak. Aurretik egun ederrak biziko ditugula uste du, baina euskal kultura bultzatzen jarraitu beharra dagoela ere bai. “Azkenaldian, kontrako norantzan doan oldarraldi bat bizi izan dugu. Baina, ez gaude atzera egiteko prest. Euskal kultura indartzeko lanari eutsiko diogu, eta norabide berean arraun egin gura dutenekin elkarlana garatzeko gertu gaude Gerediaga elkartean”.