17. Durangoko Azoka
Urte hartako gai nagusia musika izaki, musikari eskainitako hiru mahainguru egin ziren. Abenduaren 3an bi musika-ekitaldi aipagarri izan ziren Andra Mari elizan: lehenengoan, Galdakaoko orfeoiak, Mundakako abesbatzak eta Durangoko orfeoiak eskaini zuten emanaldia; eta bigarrenean, Joxean Artzek “Gizon haundi bat da mundua, mundu txiki bat gizona” ikuskizuna aurkeztu zuen. Dantzaren alorrean, Jauzkari balletaren saioa izan zen ikusgai.
Urte hartan beste erabaki bat ere hartu zen: Azoka iragartzeko kartela Durangaldeko artista bati eskatzea. Proposamenak urte askotan izan zuen jarraipena. Edizio hartakoaren egilea Pablo Cuevas 'Aizolaia' izan zen.