Dendako bilatzaile aurreratua

Jakin 267 Hala ere... hau gure oholtza da

Zenbait egile

Argitaletxea: Jakin Fundazioa

Kokapena azokan: Artekale 061

14 €


Urtea: 2025
ISBN: 0211/495X
Euskarria: Aldizkaria
Deskripzioa
Azken urteotan, genero auziari lotutako azterketek kultur sorkuntzaren esparrua ere izan dute jomuga. Zehazki, emakumeek musika eszenan duten presentziak arreta berezia piztu du, baita hedabideetan polemikaren bat edo beste sortu ere, emakumeen erreferentzialtasun faltak ikusezin bilakatzen dituelako emakume musikariak. Baina, Lourdes Iriondoren abesti ezaguna parafraseatuz, hala ere, gelditu egingo naiz, hala ere, hau gure oholtza da, hemen dago gure oholtza bakarra... Eta musika oholtza bakar horrek denona izan behar du, sorkuntza askearen eremu irekia izango bada.

Zenbaki honetan, musikagintzaren azterketa feministari heldu dioten bi lan bildu ditugu. Lehen artikuluan, Jone Exposito eta Oli Artolak euskal musikagintza garaikidearen oholtzaren erradiografia feminista eskaini dute, musika eszenako programazioen azterketan ez ezik sei emakume musikariri egindako elkarrizketetan oinarrituta.

Udane Barinagarrementeriak, bigarren artikuluan, Euskal Herriko musika eszenetan Zuk Zeuk Egizu filosofia eta (trans)feminismoa ardatz hartuta aurrera eramaten diren praktikak, gogoetak eta proposamenak bildu ditu, ekarpen (trans)feministak musikaren esparrua nola eraldatzen ari diren eta esperientzia musikalari esanahi berria nola ematen ari zaien ere aztertuz.

Ondoren, hiru artikulu datoz Artikuluak sailean. Jokin Bergarak, lehenik, trantsizio ekosozialaren aldeko mugimenduaren eta kulturaren arteko hartu-emana aztertu du, krisi ekologikoaren eztabaida publikoan txosten zientifiko eta analisi kuantitatiboek duten nagusitasunetik harago, humanitateen eta kulturaren ekarpena ere lehen lerrora ekarri asmoz.
Bigarrenean, Maddi Kintana Baiona-Angelu-Miarritze hiriguneko gazteen hizkeraren deskribapenetik abiatu da frantsesaren eraginak eta elebitasunak euskaran sor ditzaketen arazoez eta aukerez gogoeta egiteko.

Joseba Permachek, azkenik, diskurtso ekonomikoetan erabiltzen diren metaforen analisi kritikoa osatu du, ekonomia, ideologia eta metaforak nola txirikordatzen diren agerian utziz.

Zenbakia irekiz eta itxiz, Oier Iruretagoiena artista elkarrizketatu du Itziar Ugartek Jakin filosofatzen sailean, eta Egunen gurpilean sailean aurtengo hiru kolaboratzaileek idatzi dute: Shu Otero, Jokin Bergara eta Cira Crespok.

Antzeko produktua