Jakin 269-270 : Joxe Azurmendi. Zergatik eta zertarako
Zenbait egile
Argitaletxea: Jakin Fundazioa
Kokapena azokan: Artekale 061
19 €
Urtea: 2025
ISBN: 0211/495X
Euskarria: Aldizkaria
Deskripzioa
Azurmendiren lorratzean urratzeko bideak
Zenbaki berezia da esku artean duzun hau, hala formaz, nola edukiz. Ez dago bertan ohiko sailik, ikerketa monografikorik edo elkarrizketa luzerik; horren partez, inoizko Jakin jendetsuena osatu dugu. Horren arrazoia Joxe Azurmendiren heriotza da. Jakinek (eta Euskal Herriak) azken bospasei hamarkadatan erreferentziazko pentsalari izan duena zendu zen uztailaren 1ean. Berari eskainia da osorik Jakin 269-270, aitortza eta omenaldi gisa eta, batez ere, haren bizitzak eta obrak daukan balioa arakatzeko ariketa kolektibo modura.
1959an hurbildu zen lehenengoz Jakinera Joxe Azurmendi, 18 urterekin, frantziskotarren ikasle ibilbidearen baitan Arantzazura itzuli zenean. Joseba Intxaustirekin eta Kepa Enbeitarekin batera hartu zuen aldizkari gazte haren ardura. Harrezkero, alboan izan dugu Azurmendi 66 urtez. Henri Bergsoni buruzko artikulu bat izan zen aldizkarian argitaratu zuen lehen lana, 1960an, eta Joseba Sarrionandiari buruzkoarekin eman zion amaiera idatzizko kolaborazioari, 2015ean. Guztira ehun argitalpenetik gora aldizkarian eta Jakineko liburuetan bakarrik. Horiez gain, Jakin Irakurgaiak bilduma sortu eta zuzendu zuen 90eko hamarkadatik: filosofia eta pentsamenduari buruzko 50 liburutik gora argitaratu ditu bildumak, itzulpen zein jatorrizko idazlan. Egun, haren obra osoa digitalizatuta dago Jakinen webgunean, edonoren eskura. Idatzietatik kanpo geratzen dira Jakin den proiektuari eskaini zizkion ezin konta ahala ordu, norabideak zehazten, ikuspegiak fintzen, lankidetzak bilatzen; beti taldean. Hastapenetan, artean gazte eta berde, hizkuntza kultura modernorako gaitzeko eztabaidetan eta langintzan; hurrengo hamarkadetan, borroka ideologiko zorrotzean, euskaldunen autodefentsarako pentsamendua fintzen; eta beti-beti etxeko nahiz kanpoko argudio eta erreferentzia askatzaileak trafikatzen, eztabaida antzu eta gatibatuen aurka. Azken urteetan, osasunak eta adinak erasanda ere, Jakinen eta Azurmendiren arteko harremanak bere horretan jarraitu zuen, gomendio, telefono dei eta bisitak tarteko, lankidetza intelektualean ez ezik, baita elkar zaintzen ere: Joxek Jakin eta Jakinek Joxe.
Heriotza berezia izan da Azurmendirena, eta haren omenezko zenbakiak ere berezia behar zuen. Berak hala erabakita, hilbeilarik eta hileta publikorik gabe joan da. Dena dela, jendearen dolu mezuz bete ziren sare sozialak, agurtzeko behar sozialaren erakusgarri. Jakinek ere Azurmendiren heriotzari hitzak jartzeko aukera ireki zuen bere oinarri sozialarentzat, beila digital anonimo moduko bat, eta denetariko eskertza eta maitasun mezuak iritsi ziren. Zenbaki honen amaieran jaso ditugu horietako batzuk, Herri eresia deitu diogun atalean.
Aitortza eta omenaldia kultur munduko ia ehun lagunen artikuluekin osatu dugu. Hitz lauz, poemez, bertsoz eta irudiz osatutako hurbilpen korala Joxe Azurmendik eta haren lanak utzi duen arrastora. Gai eta ikuspegi askotarikoak aurkituko ditu irakurleak ekarpenetan. Badaude oroitzapenak eta bizipen pertsonalak aletzen dituzten testuak. Horiekin batera tartekatzen dira haren lanetatik ikasitakoak, pentsamendu sozialaz, gizabereaz, literaturaz, nazioaz, euskal pentsamenduaz, kooperatibismoaz, bizitzaren zentzuaz, filosofiaz... Biek, oroitzapen pertsonalek nahiz hari ikasitakoek, Azurmendik oparitu digun mundu aberats, zorrotz, umil eta estimatua islatzen dute. Ez da harritzekoa, beraz, harengana hurbiltzeko zergatiak irakurleak adina izatea.
Bada, ordea, zenbakian zehar behin baino gehiagotan hegaldatzen den galdera gehiago edo gutxiago esplizitua. Zer egin? Zer egin Azurmendiren obrarekin, haren irakaspenekin, haren pentsatzeko moduarekin, haren langintza nekaezinaren ondarearekin, utzi duen hutsunearekin... Zer egin Azurmendik utzi digun ideien eta jarreren mundu horrekin? Zer egin horrekin guztiarekin, hemen eta orain? Zer egin, horixe baita, Jakinentzat, galderarik esanguratsuena, Joxek hainbestetan eskatzen zigun eran, mira etorkizunean –libertatea egon ohi den leku horretan– eta praktikan jartzen duelako, iraganean edo norbanakoen jainkotzean baino. Haren lanari darion indar eragilea ekartzen duelako lehen lerrora, azterketa eskolastikoetatik harago.
Horregatik hartu dugu, Azurmendiren omenezko zenbaki hau osatzerakoan, ohiz kanpoko ikuspegiak ere gerturatzeko lana. Sinesten dugu talde mugatu eta itxi batetik harago doala Azurmendiren emaria, euskarazko pentsamendua, lantzeko, berritzeko eta kritikatzeko ardura. Jakitun gara, ordea, hori ez dela, besterik gabe, naturalki gertatzen. Transmisioa bermatu behar da, obrak eta eztabaidak ezagutarazi eta eztabaidetan parte hartzeko baldintzak sortu. Konbentzimendu horretatik adoretu ditugu, ulerberatasunetik, «ni ez naiz aditua», «zein naiz ni Azurmendiz ezer esateko» eta antzekoak sentitu dituztenak. Aspalditik ezagutzen dugu herri zapalduen ezina kultura eta pentsamendu beregain bat osatzeko, zeinak baitakarren normaltasunez jendeak ahotsa eta plaza hartzeko zailtasuna, baita bere kulturako elementuen inguruan hitz egiterakoan ere. Herri eta kultura normaldua bagina, agian, alderantziz izango litzateke: jendeak bere herriko kultura eta pentsamendua gehiago-gutxiago naturalki (arnasten duen kulturaren bitartez) jasoko zukeen, eta kultur jendea gehiago-gutxiago zilegiztatua sentituko zen hil berri den pentsalari handiaz zerbait esateko. Baina herri normaldua bagina, izango ote genuke Azurmendiren obraren erdirik ere?
Euskarazko pentsamenduan, transmisioa, ahotsen zilegiztatzea, aurreiritzien eraistea naturala ez beste guztia delakoxe da Azurmendi erreferente oraindik orain. Eta, horregatik, hari eskaini nahi izan diogun zenbakia ere izatera iritsi nahi dugun herria gogoan osatu dugu, kulturalki eta pentsamenduz ahalduntzaile. Azurmendiren obra iniziatuentzako eremu itxi bat izan ez dadila nahiko genuke; eta, era berean, ez dezatela, Prokustoren ohe itxuraz erosoetan kabitzearren, indarrez eta interesez desitxuratu. Zenbakian parte hartzeko, Azurmendirekin elkarrizketan arituko diren ahotsak bilatu ditugu: batzuk aspaldiko lagun, tertuliakide eta irakurleak, beste batzuk iritsi berriak Azurmendiren ur sakonetara. Ekarpen askotariko horiekin guztiekin, berarengandik jaso dugun pentsamendu-ondarearen potentzial osoa jarri nahi dugu martxan, dagoeneko ezagun diren harreman eta loturak islatuz bai, baina berriak eraginez ere bai.
Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi? Artikulu adina erantzun topatuko ditu irakurleak zenbaki honetan. Balio dezatela joan berri den pentsalari handiaren ekarpen erraldoiaz kontzientzia hartzeko; baina, batez ere, balio bezate jakin-min eta elkarrizketa berriak sortzeko. Izan bedi pentsamendu zorrotz eta askatzailearen iturri agorrezin pentsalari zintzo eta engaiatuentzat.





