19

Andereño Monika gogoratzen: 1934ko ikastolaren historiaSonia Francisco, Itziar Barrenetxea eta Josi Sierra

Dokumentala

Galdakaon 1934an “Escuela Vasca” bat zabaldu zen bi andereñoren ardurapean: Monika Lekunberri eta Rosita Lekerika. Hirurogei bat ikasle apuntatu ziren eta klaseak 1934ko martxoan hasi ziren. Apirilaren 15ean inagurazio ofiziala egin zuten, gurasoak, agintariak, abadeak eta herriko jendea gonbidatuz. "Escuela Vasca de Plazako Etxebarria" izena jarri zioten, eta Ikastola Abertzale Batzako (IAB) kideak ziren. Ikastola eraikitzeko eta posiblea egiteko, oinarrian sustratu aberats potente bat zegoen: emakumeak ongi prestatuta eta ederki antolatuta, Bilboko Maistren Eskolan ikasiak eta Emakume Abertzale Batzan (EAB) elkartuta. Gazteak, ekimena mugitzeko eta herrian zabaltzeko Euzko Gaztediren inguruan mugitzen zirenak. Euskara eta Euskal Kulturaren bultzatzaileak, “Euzkerearen Adiskidiak” elkartearen inguruan antolatu zirenak. Beste batzuen artean, dinamita fabrikan kimikari bezala lanean zeuden Leizaola anaiak azaltzen dira: Carmelo eta Ignacio. Proiektua herrian sustraituta eta auzolanean oinarrituta, famili eta erakundeen, banakoak eta taldeen inplikazioa eta laguntza bilatzen zuen. Elementu guzti horiek konbinatuta 1934an Galdakaon ezezik, Bizkaiko beste 11 herritan ere martxan jarri ziren Euzko Ikastolak: Elorrio, Durango, Zornotza, Sondika, Portugaleten, Barakaldo… Bilbon bi eta Algortan beste bi… eta Bergaran ere bai! Dozena bat ikastola, helburua euskara eta kristautasuna irakastea zutenak. Ekimen honetan 25 irakasle inguru konprometitu ziren eta mila ikasle baino gehiago ibili ziren bizpahiru urtez. 1936ko otsailan Carmelo Leizaola ikastolaren fundatzailea Brasilen hil zen bapatean eta bere omenez ikastetxeari bere izena jarri zioten: Leizaola’tar Karmel Euzko ikastola; baita bere izenarekin plaka bat jarri eskolako atarian ere, hiritarren artean ordainduta, gaur eguneko crowdfunding bat bezala. 1936ko udan, gerra piztu zenan, gauzak okertzen hasi ziren. 1937ko udaberrian bonbardaketak gogortu ahala, dena pikutara joan zen. Klaseak suspenditu ziren eta irakasleek eta familiek errepresioa jasan edota erbestera joatea aukeratu zuten. Baina haiek izan zirelako... gu ikastoletako ikasle, irakasle, guraso edo kooperatibista gara, baita euskaltzale amorratuak ere. Errepublikan eta frankismoan zehar beraiek defenditu zutena, gaur egunera heldu diren balio berdintsuak dira: neska eta mutilen arteko berdintasuna, gurea dena maitatzeko herrimina eta gure kultura eta hizkuntza ikasteko, irakasteko eta hitz egiteko gogoa. Andereño Monika gogora ekartzean bere ikasle, ezagunen eta familikoen bizipenetan, belaunaldi hartako ahaleginak eta balioak berreskuratzen ditugu gure ondorengoei transmititu ahal izateko. Hala bedi!

Abenduak 5

16:30 - 17:30

Irudienea – Zugaza