Gazte laburmetraDA!Bariazioak (Lur Olaizola Lizarralde), Barruko dardara (Maider arruti), Egon ez zaren lekuetara itzultzeko (Hatortxu Rock, auzolanean)
Aurkezpena
1) Bariazioak: Aliciaren koadernatzailea eta Maite, Unai eta Merche ikasleak dira. Tailer berean orriak moztu, josi eta itsatsi egiten dituzte, liburuen bizitza luzatzeko. Bakoitzak bere liburuan lan egiten duen bitartean, bizitzaz, doluaz eta horien bariazioez hitz egiten dute. 2) Barruko dardara: "Barruko Dardara" gazte baten barne-borroka islatzen duen film laburra da. Kanpotik lasaitasuna dirudien arren, barruan etenik gabeko dardara bizi du, itzali ezina. Narrazio intimo eta bisual baten bidez, lana itxurazko normaltasunaren eta barne-ekaitzaren arteko kontraesana erakusten du, ikusezina den errealitate bati ahotsa emanez: norbere buruarekin izandako borroka. 3) Egon ez zaren lekuetara itzultzeko: arratsaldeko argi nabarrera jalgiko zara berriz, zurea den norantzan. Eta iraganera zoazelako sentsazioa izango duzu, etorkizunera zoazen artean. Ohikoagoa begitanduko zaizulako ez ohikoa dena, ohikotasunera egokitzeko lanak dituzun bitartean. Eta biharamunean zibilizazioaren lehen zantzuen eta behar kolektiboen lekuko izango zara goiz goizetik, urrunetik datorren bisitarien begirada izango delarik zurea. Hotza egingo du eta haizeak beste min batzuen airea ekarriko dizu. Eta ohartuko zara aurretik egondako lekura joanda ere, egundo egon ez zaren lekuetara itzuliko zarela. Edukitako guztia kendu dizute, eta hala ere, jakingo duzu izan daitekeen gauzarik behinena izango duzula oraindik, denbora. Besteen bizi proiektuen analista profesionala izango zara, geroaren arkiologia antzu bat egiten jarraitzeko. Baina eguzkia gorri jalgiko da, ikatz suak hartua bezala. Eta etorkizuna iragan orduko, zure mentura beste askorena baino ederragoa izango da, iraganeko lehorteak etorkizuneko uholdeetan somatuko dituzulako. Jakingo duzulako badirela norberarena ez diren zilbor batzuk.