Masusta-erreximentaEkaitz Bergaretxe
Liburu aurkezpena
Behar zirenak isildu izan ditu Ekaitz Bergaretxek, eta orain, bere buruari baimendu dio mutu kukutuak zituen bizipen izugarriak kontatzeko; bere buruari, gizabanako gisa, baina baita ere Euskal Herriari, euskaldun zapaldu gisa. Pistola baten ahoaren leize iluna begien parean ikusi duen haurrak, nolako soa ukanen du engoitik? Etxearen babespea, tenplua, poliziaz zikindua bizitu duen haurra, nola fidatuko da berriz ere ohantzearen segurtasunaz? Aitaren figuraren eta etsai gorenaren zanpaketaren arteko paralelismoak ere, ez du arintzen historiaren peko istorio hau. Etxe hartakoak ez dira etxe hartan baizik gertatu, baina estrapolatu daitezke herriaren kontakizunera, teilatu beraren pekoak dituzu.
Ausardiaz eta zintzotasunez mukuru betea den lekukotasun honek, herri zintzikatu baten itzaleko bizia islatzen dizu; banalitatez mozorrotutako ezohiko egunerokoa, eta, bestalde, azken zatian, epikaren analisi pertsonal poetikoa duzu. Biek dutelarik xede ber-bera: geure iragana hurbiletik ezagutzea, orainaren hobeki ulertzeko eta, herri giza, zapalkuntza-egoeratik ateratzeko bide-orria diseinatzen entseatzeko.