Irati. Filmaren arteaElkar
Liburu aurkezpena
Paul Urkijo filmaren zuzendariak eta liburuaren editoreak parte hartuko du.
Paul Urkijo Alijo zuzendari eta gidoilariaren IRATI film txalotuaren atzean dagoen lan artistikoa biltzen da liburu honetan. Pelikulak 5 Goya izendapen jaso zituen, eta publikoaren eta efektu berezi onenen saria irabazi zituen Sitges-eko fantasiazko eta beldurrezko nazioarteko zinema-jaialdian. IRATI euskal mitologiari eta historiari egindako gorazarre bat da, VIII. mendean girotua. Protagonistak, ENEKO eta IRATI, izaki fantastikoz betetako mundu zahar batean murgilduko dira, MARI, BASAJAUN edo LAMIAK dauden lurralde batean.
Pelikularen sormen-prozesuan, lantalde artistiko gartsu batek egin zuen lan zuzendariaren gidaritzapean eta, elkarrekin, belaunaldiz belaunaldi transmititutako kondairak pantaila handira eramateko erronkari heldu zioten: lan ederra, maitasunez, errespetuz eta imajinazioz egindakoa.
Liburu honetan, sormen-prozesuko ehunka irudi eta argazki aurkituko dituzue: arte kontzeptualak, arte-diseinuak, jantzi-diseinuak, VFX, makillajea, errodajeko irudiak, pelikularen fotogramak, kartelak, euskararen tratamendua… Eta horiekin batera, Paul Urkijo Alijo zuzendariak idatzitako komentarioak.