66

Joseba Sarrionandiaren literatura: bitakora kaieraNerea Eizagirre, Mikel Ayerbe eta Amaia Elizalde (Mikel Laboa Katedra). EHU

Aurkezpena

Joseba Sarrionandiaren obraren inguruko lan monografikoa bezain akademikoa izanik, egilearen lanen inguruko ezagutza sakonagoa eskaintzea du helburu lanak. Liburuak bederatzi artikulu biltzen ditu, Sarrionandiaren obraren inguruko askotariko begirada eta azterketa eskainiz. Lehen bi kapituluek tonu pertsonala dute: lehenean, Bernardo Atxagak egilearekin trukatutako gutun-pasarteak aipatzen dira, eta bigarrenean, William A. Douglassek haren bizitza eta ibilbide literarioaren arteko zubia egiten du. Hirugarren artikuluak Mikel Ayerbe-Sudupek berridazketaren fenomenoa aztertzen du, haren narrazioen moldaketen analisi berritzailea eginez. Nerea Eizagirrek Lagun Izoztua (2001) eleberrian agertzen den Antartikaren interpretazioan sakontzen du, eta aldiz, Amaia Elizaldek Miranderen eraginari erreparatzen dio, Sarrionandiaren lehen lanetan haren arrastoa eta euskal abangoardia literarioari egindako ekarpena aztertuz. Aiora Jakak sinatzen duen seigarren artikuluak idazleak duen itzulpenaren ulerkeran eta haren sorkuntzan izan duen eragina jorratzen ditu, eta zazpigarrenak itsasoaren eta itsas elementuen sinbologiaren analisia eskaintzen, Eider Rodriguezen eskutik. Zortzigarren atalean Ainhoa Urzelai-Vicentek Haur eta Gazte Literaturako ekoizpenari buruzko irakurketa eskaintzen du, eta bederatzigarrenean, azkenik, Joseba Zulaikak naufragoaren irudiak eta patuak Sarrionandiaren unibertso literarioan izan duen garrantzia azaltzen du. Horiek horrela, idazlearen obra modu osatuan irakurtzeko aukera eskaintzen du lan honek. Bestalde, ikuspegi akademiko zorrotza eta egilearen inguruko begirada pertsonala uztartzeak aberastasun berezia ematen dio liburuari. Idazlearen bizitza eta obra uztarturik azaltzen dituzten ekarpenek irakurleari Sarrionandiaren ibilbide pertsonalaren eta literarioaren arteko lotura berriak aurkezten dizkiote. Hori dela eta, lan hau originala da eta ekarpen esanguratsua egiten dio Sarrionandiaren literaturgintzaren inguruko ikerketa zientifikoari. Liburu hau ez da soilik komunitate akademikoarentzat baliagarria; esparru horretatik harago, Sarrionandiaren irakurle ororentzako ere eskuragarri eta interesgarri egiten da, haren obraren inguruko ikuspegi integrala eskaintzen baitu.

Abenduak 7

13:30 - 14:00

Talaia – Landakogunea