PasadenaIzpia

Disko aurkezpena
Iaz izan genuen proiektu honen berri, 8 kantuko euren lehen diskoarekin batera. Musikan ibilbide luzea duten Libe Garcia de Cortazarren eta Jon Basagurenen talde berria da, elkarrekin sortutako kantuei bizia emateko eratua. Taulagainean defendatzen aritu dira azken urtean, beste lau musikarik lagunduta, eta, errepertorioa luzatzeko gogoz, abesti gehiago sortzeari ekin diote 2022 honetako udan.
Emaitza lau kantu berri dira, zuzeneko taldekideekin batera landu eta grabatu dituztenak: Dani Arrizabalaga baterian, Aitor García de Vicuña teklatuetan, Danilo Foronda gitarretan eta Ander Sevilla baxuan. Duranako (Araba) Gakobeltz Hit Faktorian egin dituzte grabaketa eta nahasketak, Joseba Baleztenaren gidaritzapean eta Miren Narbaizak lagunduta. Lehenengo diskoaren ildoari muzin egin gabe, argitasun handiagoa nabari dezakegu (Zerua ireki, Egin ihes), gospel zantzuak eta pisua erritmoan (Izpia) eta intentsitate joko landuak (Grabitatea). Zuzenekoetara berehala gehituko dituzten lau kantu eder.