Goienkale 064-065
Eguzkilore Liburuak sortzaile batzuen elkarlanak abiarazi du, euskal kultura eta, oro har, Euskal Herriari buruzko ekimenak bideratzeko. Eguzkilore Liburuak, hortaz, egitasmo zabala eta hurbila da. Apaltasunetik dihardu liburuak sortzen, ale bereziak, irakurle guztientzat (ume, gazte zein heldu) erakargarriak, eta aldi berean kontzientziazioan laguntzen dutenak, jorratzen dituzten gaiak direla eta (ingurumena zaintzea, euskal mitologia, pil-pilean dauden gizarte arazoak…) gizarte zuzenago eta orekatuago baten alde eginez. Horixe baita, Eguzkilore Liburuak elkarteak duen helburua; mundua hobetzea eta heziketa, liburuak eta literatura erabiliz. Gure Lurrari eta bere aberastasunari atxikiak daude. Amets egin, kontuak irudikatuz barre egin, hausnartu, idatzi, zuzendu, zuzendutakoa orraztu, zabaldu, sustatu, sinatu, irribarre egin… argitalpenak Eguzkilore Liburuak elkartearen komunikazio tresna dira. Creative Commons lizentziapean argitaratzen dituzte liburuak, kultura herri aberastasuna eta guztiek erabiltzeko sorkuntza dela uste dutelako. Eta hitzak ekintzez laguntzen dituzte. Besteak baino hobeak? Besteak baino okerragoak? Tira, Eguzkilore Liburuak, besterik ez.